lunes, 3 de marzo de 2014

Ficoba emaitzak


Ficobak bisitari eta azoka errekorrarekin itxi du 2013. urtea




 Ficobak ustiapen-superabitarekin itxi du ekitaldia, laugarren urtez. 2013. urtean 1.128.000 euroko fakturazioa izan du, 2012ko 1.174.000 euroen aldean. Emaitza pixka bat jaitsi da, jasotako diru-laguntzak % 40 murriztu direlako. Hala ere, fakturazioa nabarmen areagotu da, 923.521 euro fakturatu baititu (2012an baino % 12 gehiago), eta gastuak % 10 murriztu dira. Hala, diru-laguntzen jaitsiera orekatu du.

Azoka gehiago antolatu izanak igo ditu salmentak. Izan ere, aurten 17 ekitaldi egin dira, eta 2012an 12 egin ziren. Horrez gain, Ficobaren berezko azokek (Bioterra, Euskal Kostaldeko Gabonetako Azoka eta Gabonetako Haur Parkea) eboluzio positiboa izan dute, erakusketari gehiago eduki baitituzte. Horri esker, bisitari gehiago gerturatu dira azoka-eremura, guztira % 21 gehiago, eta, horrela, 2013an Ficobak inoiz baino bisitari gehiago eduki ditu.

Jarduera-kopurua (217 ekitaldi) 2012an egindakoaren berdina da, eta okupazio-egunak pixka bat jaitsi dira, 232 egunetik 212 egunera igaro baitira. Hori horrela izan da tamaina handiko ekitaldi gehiago antolatu dituelako, eta, tamaina txikikoak gutxiagotu izan direlako.

Ekitaldien tipologiari dagokionez, % 57 bilerak izan dira (kongresuak, konbentzioak, jardunaldiak…), % 32 jardunaldiak (sozialak, kulturalak, musikalak…) eta % 8 azokak. Fakturazioaren ikuspegitik, azken horiek dira Ficobaren balantzean eraginik handiena dutenak (% 61).

Ficobak 2013an garatutako jarduerak 8 milioi euroko inpaktu ekonomikoa izan du haren inguruan.

2014rako helburuak: kontzertuak, azoka profesionalak eta antolatzaile frantsesak
2014ko ekitaldiak kontzertu-espazio gisa egonkortuko du Ficoba. Aurretik egindako ekitaldiei (Winter Festival, esaterako), laster garrantzi handiko beste batzuk erantsiko zaizkio. Nabarmenena Pitbull abeslariaren kontzertua izango da. Electro house eta dance pop musikan erreferentzia nagusia da, eta ezaguna da ere kolaborazioak egiteko eskaera gehien jasotzen dituen artistetako bat delako, abeslari askorekin elkarlanean aritu delarik: Christina Aguilera, Shakira, Jennifer López, Marc Anthony, Enrique Iglesias,  Chris Brown, etab. Uztailaren 19an, kontzertua eskainiko du Ficoban.

Kontzertu horien antolatzaileek Ficobaren hiru ezaugarri azpimarratzen dituzte: segurtasuna, ezinbestekoa dena mota horretako ekitaldietan; instalazioen balio-aniztasuna, formatu askotako kontzertuak egiteko aukera ematen duena; eta bertara heltzeko erraztasuna, doako aparkalekuari eta Topoa gertu edukitzeari esker.

Halaber, Ficobak ahaleginak egingo ditu azoka profesionalak antolatzeko, eta, zentzu horretan, mota horretako ekitaldiak aurreikusten dira jada, nahiz eta oraindik goiz den egingo diren baieztatzeko. Horrez gain, ekitaldi frantsesen antolatzaileengana proaktiboki gerturatu nahi du.

Doako aparkalekua, beste balio erantsi bat Ficobaren eskaintzarentzat
Joaneko urtarrilean, Ficobak bere gain hartu zuen azoka-eremuaren aparkalekuaren kudeaketa. Doakoa da 8:00etatik 22:00etara, eta gauez abonatuentzat erreserbatuta dago. Kudeaketan egindako aldaketa horrek Ficobaren eskaintza erakargarriago bihurtu eta sendotu egiten du, erakusketariei eta bisitariei dagokienez. Bestalde, kudeaketa-eredu berriari esker, kanpoko aparkalekuari beste erabilera batzuk eman ahal zaizkio, eta, horrela, Ficobaren espazio-eskaintzan sartzen da eta diru-sarrerak lortzeko beste modu bat ematen dio.

Aparkalekuaren kudeaketarekin, Ficobak baliabideak optimizatzeko eta kostuak murrizteko estrategian aurrerapausoa eman du, eta, aldi berean, doako aparkalekua eskaintzen duen azoka gutxietako bat bilakatu da.

Jarduera-egutegia haziz doa
2014ko ekitaldia jardueraz beteta egongo da Ficobarentzat. 2013an formatu handiko 17 ekitaldi gauzatu ziren, eta, aurten, 23 daude programatuta dagoeneko. Iaz lehenbizikoz ospatu ziren Ficoauto, Stockaren Azoka eta Antigoaleko gauzen Azoka egutegian finkatu dira jada, eta orain, beste proposamen batzuk erantsi zaizkie, hala nola Artekaña eta Expoterraria.
Artekaña artisau-garagardoaren azoka da, eta 5.000 pertsona bildu zituen edizio bat ospatu zuen Valladoliden. Orain, euskal publikoa du xede, eta irailean iritsiko da.
Expoterraria, bestalde, Europa Hegoaldeko Narrastien, Anfibioen, Arrainen, Artropodoen eta Ugaztun Txikien Nazioarteko Azoka da, eta Madrilen, Bartzelonan eta Sevillan ospatzen da dagoeneko. Animalia-eskaintza zabala eta era guztietako produktuak eta osagarriak ekarriko ditu Ficobara, salmentarako zein esposiziorako.
·         Martxoak 21-23. III Antigoaleko gauzen Azoka, Gran Desembalaje
·        Apirilak 5-6. VIII. Nazioarteko Katu Erakusketa
·        Apirilak 27. XXXV. Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa
·        Maiatzak 16. III. Nazioarteko Atlantiar Kongresua
·        Maiatza. Krea Bidasoa. Ekintzailetza, Berrikuntza, Sormena
·        Ekainak 1. Alardea Egunean bazkaria
·        Ekainak 5.  Enpleguaren Astea
·         Ekainak 6-8. Bioterra. Produktu Ekologikoak, Bioeraikuntza, Energia Berriztagarriak eta Kontsumo Arduratsua
·        Ekainak 7. Naturopatia Kongresua
·        Ekainak 21. San Martzial eguneko kuadrillen bazkaria
·         Uztaila/Abuztua Menchu Galen erakusketa
·        Uztailak 19. Pitbull-en kontzertua
·        Iraila. Artekaña, Artisau Garagardoaren Azoka
·         Irailak 12-14. Expogrow. Kalamuaren Nazioarteko Azoka
·        Urriak 26. Expoterraria, Narrastien, Anfibioen, Arrainen, Artropodoen eta Ugaztun Txikien Azoka
·        Urriak 31-azaroak 2. Irun Stock Market
·        Azaroak 8.  Izuaren Pasabidea
·        Azaroak 7-9. IV. Antigoaleko gauzen Azoka, Gran Desembalaje
·         Azaroak 15-16. Sportjam. Akzio Zaleen Azoka
·         Azaroak 21-23. Ficoauto. Bigarren Eskuko Ibilgailuen Azoka
·        Abenduak 6-8.  Euskal Kostaldeko Gabonetako Azoka
·        Abenduak 6-8.  Irungo Artisautza Azoka
·        Abenduak 16-urtarrilak 4 Gabonetako Haur Parkea


Jatetxea berrituta

Zenbait astez itxita egon ostean, Iñigo Lavado Ficobara itzuliko da martxoaren hasieran, eskaintza gastronomiko eta estetika berriekin. Lavado goi-mailako sukaldaritza demokratizatzeko proposamenean aurrera dihardu, kalitatea arrazoizko prezioetan eskainita, eta, orain, jatetxe gastronomikoen berezko estetika eta erosotasuna erantsi dizkio. Singular Food sendoago batean, haren proposamen gastronomikoa eskaintzen jarraituko du. 

No hay comentarios:

Publicar un comentario