lunes, 10 de diciembre de 2012



18.000 lagunetik gora agertu dira zubi honetan Ficobara, erosketak Eguberrietako Azokan egitera

18.403. Hori da bisitari-kopuru zehatza, abenduaren 6tik 9ra Ficoban egin den Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokaren edizio berrian eman dena. Jardunaldi jendetsuena larunbatekoa izan zen, 6.600 bisitari, eta, gero, igandekoa, 5.300 inguru.

Aurtengo edizioaren bisitari-kopuruak berretsi egiten du Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka dela Ficoban egiten diren jardunaldietatik jendetsuena; hain zuzen ere, orain arte egin diren sei edizioetan dagoeneko lortu du 100.000 bisitariren kopurua gainditzea.

Aurtengo bisitari-kopuruaren datuek, gainera, %50eko hazkundea erakusten dute, iazko edizioarekiko; orduan, Expomarket izena zuela egin zen azoka. Gertaera horrek agerian utzi du asmatu dela Azoka horren zertasuna berreskuratuta, zeren ohiz Eguberriei eta garai horretako berezko erosketei lotuta egon baita.

Bisitarien jatorriari dagokionez, berretsi egin da azokak gaitasuna daukala Gipuzkoa osoko bisitariak erakartzeko; izan ere, aurten, bisitarien %60tik gora Txinguditik haragoko eskualdeetatik iritsi dira.

Nabarmentzekoa den beste datu bat da erakusketariek balorazio positiboa egin dutela inkestetan. Hain zuzen, azokaren lau egun hauetan jende asko etorri eta erosketa asko egin izanaren fruitua da hori. Inguruabar horrek garrantzia ematen dio Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azokak lurralde osoko merkatariei eskaintzen dien negozio-potentzial handiari, eta horrenbestez, antolakuntzak lanean jarraituko du edizio bakoitzean Irungo nahiz Gipuzkoako gainerako komertzio gehiago sar dadin.

Lau azoka-egunen ondoren, Ficobako pabiloiak husten ari dira standak eta produktuak kenduz. Baina epe laburrerako izango da; izan ere, hemendik astebete pasatxo, abenduaren 22tik aurrera, Ficoba berriz beteko da milaka bisitarirekin, bereziki, txikienekin. Urtero bezala, aukera izango dute Eguberrietako Haur Parkearekin gozatzeko; gainera, aurten, eduki berrituekin dator, zientzian, informatikan eta robotikan ahalegin berezia eginez.


No hay comentarios:

Publicar un comentario