Ficobara itzuliko da Gipuzkoako Txikien azoka
- 30 erakusketari inguruk eskaintza
zabala aurkeztuko dute
- Erakusketa jarduera paraleloen
proposamen interesgarri batekin osatzen da
- Bisitariek aukera izango dute hainbat zozketatan
parte hartzeko
- Martxoaren 31tik apirilaren 2ra izango da azoka
Ume txikiak dituzten familiek edo guraso
izatear daudenek hitzordua dute datorren asteburuan Ficoban, Gipuzkoako Txikien
Azokaren bigarren edizioa egingo baita.
Ficobak eta Sofeven enpresak elkarrekin
antolatuta, martxoaren 31tik apirilaren 2ra izango da azoka. Nafarroako enpresa
bat da Sofeven, eta jardunaldiak sustatzen, antolatzen eta koordinatzen eta
zerbitzuak osotasunean kudeatzen espezializatuta dago.
Oraingoan, 30 erakusketari
inguruk eskaintza zabala aurkeztuko die bisitariei, 0 urtetik 12ra bitarteko
umeei zuzendutako proposamenak eginez. Esaterako, hazkuntza naturaleko
artikuluak egongo dira, argazkigintzakoak, oftalmologiakoak, adur-zapia eta
haur eta haurdunentzako osagarri naturalak, familia-aseguruak, altzariak,
arropa, kotxetxoak, familiei informazioa eta laguntza emateko proposamenak,
eskola-jazarpenaren aurkako borroka, eskola-proposamenak, ingeles eta
matematika eskola, medikuntza, zaintza
kiropraktikoak, aldizkariak…
Tailerrak,
hitzaldiak eta konferentziak
Txikien Azokako
erakusketa-eskaintza jarduera paraleloen proposamen interesgarri batekin
osatzen da.
Txikiek eta beren familiek
tailerretan parte hartzeko aukera izango dute; adibidez, musikarako hastapena
eta kanten, instrumentuen eta jokoen bidezko estimulazio goiztiarra garatzea,
bai ingelesez bai gaztelaniaz. Instrumentu bat eraiki ahal izango dute;
abakoarekin lehenengo kontaktua izan, ingelesez, eta nork berea egin;
burmuinaren garapen psikomotorra sustatu, marrazkiaren bidez; umeei eta bularreko
haurrei bihotz-birikak bizkortzen ikasteko tailer batean parte hartu; edo
antzerki-ikuskizun bat gozatu, umeei higienerako ohitura onak transmititzeko.
Hitzaldiak eta
konferentziak dira beste erakargarrietako batzuk. Arlo horretan,
hainbat gai landuko dira; hala nola, lanera itzultzean esnea ematea, ama-esnea
ateratzea, ama-esnearen mitoak eta errealitateak, haurdunaldiko
prebentzio-zaintzak, erditzea eta erditu ondorengoa, bullyinga eta haren
ondorioak, zergatik estimulazio goiztiarra edo kiropraktikarekin osasuna
hobetzea.
Haur-arropen desfile bat,
ludoteka bat, puzgarriak, taberna-kafetegia eta foodtruck bat maskotarekin;
horiek osatzen dute Txikien Azokaren bigarren edizio honetako programa. Era berean,
gune bereziki egokituak gaituko dira, gurasoek eta umeek azoka erosotasunez
bisitatu dezaten. Esaterako, esnea emateko areto bat gaituko da, eta bertan,
sofak, haur-aulkiak, biberoiak berotzekoak, aldatzekoak eta haur-higieneko
artikuluak egongo dira.
Zozketak eta opariak
Txikien II. Azoka honetara etortzen
direnek aukera izango dute hainbat zozketatan parte hartzeko edo opariak
zuzenean lortzeko. Horrela, ateak irekitzen diren bakoitzean sarrerak erosten
dituzten lehenengo ehun bisitariei Nafarroako Lacturale markako litro bat esne
oparituko zaie, guztira 500
litro banatu arte. Era berean,
azokaren hiru egunetan, Nafarroako Lacturale granjarako bisitaldiak zozkatuko
dira, eta baita haurrentzako shantala masajea ere, eta zamukarako diseinuzko
poltsa/bandolera, haurrak eramateko uretarakoa, familia-argazkia,
ingeles-eskolak, arnas-fisioterapiako saioa, zamukarako zaku+eskularru sorta,
etab.
Sofeven
Sofeven, S.l Nafarroako enpresa bat da,
eta jardunaldiak sustatzen, antolatzen eta koordinatzen eta zerbitzuak
osotasunean kudeatzen espezializatuta dago, dela partikularrentzat, dela
profesional edo instituzioentzat. Sektorean esperientzia duen talde zabal batek
osatuta, Sofevenek sustatzaile espezializatu gisa jarduten du azoketan, kongresuetan,
gaikako eraskustazoketan eta horrelakoetan.
Ordutegia eta sarrera
Ostiralean,
16:30etik 20:30era.
Larunbatean
eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 20:30era.
Helduek,
2€; umeek (12 urte arte) dohainik.
PARKINGA DOHAINIK