miércoles, 16 de marzo de 2016

Klima eta Itsasertz Aldaketaren Kongresua

Uhinaken bigarren edizioak eragingunea zabaldu du: Galiziatik Frantziako Britainiaraino

Abian da Uhinak, Klima eta Itsasertz Aldaketaren Mugaz gaindiko Kongresua, Ficobak eta AZTIk (Zentro Teknologikoa, itsasoaren eta elikagaien berrikuntzan espezializatua) bultzatuta. Komunikazioak bidaltzeko epea ireki da kongresuaren deialdi berri honetan parte hartu nahi duten txostengileentzat. Apirilaren 15ean itxiko da komunikazioak jasotzeko epea.

Uhinakek nortasun-ezaugarri berberak mantentzen ditu funtsean. Lehenengo edizioaren balorazioek, bai txostengileenek bai kogresukideenek, ahotsa jende anitzari ematea nabarmentzen zuten, ez baitago erabat mundu zientifikora zuzenduta, teknikariak eta administratzaileak ere bertan izaten dira eta. Balorazio horrek kongresuaren bigarren edizio honetan bide beretik jarraitzera animatu gaitu, kudeatzaileen beharrak ulertzen saiatuz, ikuspegi zientifikotik irtenbideak emate aldera.

Bigarren edizio honetako funtsezko aldaketa eremu geografikoak ekarri du; izan ere, Bizkaiko Golko osora zabaldu da, Galiziatik Frantziako Britainiara.

Batzorde Teknikoa
Uhinaken bigarren edizio honetako beste berritasun bat da Batzorde Tecniko bat sortu dela, eta batzorde hori arduratuko da, besteak beste, kongresura aurkeztuko diren komunikazioak hautatzeaz.

Batzorde horretan, honako hauek egongo dira ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, Gipuzkoako Foru Aldundia, Nekazaritzako eta Ingurumeneko Ministerioa, BC3, EUCC Atlantic Center, Euskal Herriko Bide, Kanal eta Portuetako Ingeniarien Elkargoa eta baieztatu gabe dauden beste batzuk.

Edukiak

Uhinak, 2015ean egindako edizioan bezala, zenbait gai-multzoren inguruan antolatu da: Klima-aldaketaren erronkak Bizkaiko Golkoan, itsasertzearen erabileran izango dituen ondorioak eta egokitzapena, aldaketa kudeatzeko eta erabakiak hartzeko garatu eta aplikatu beharreko tresnak, muturreko gertakarien inpaktua eta haien ondorioak geroko itsasertzearen erabileretan. Gai horiek mugaz gaindiko ikuspegitik landuko dira, Uhinaken parte hartzen duten administrazio publiko eskudunetako kudeatzaileek eta, halaber, kongresuan izango diren zientzialariek eta ikertzaileek ezaugarri hori ematen dioten aldetik.

No hay comentarios:

Publicar un comentario