miércoles, 3 de junio de 2015

Bioterra 2015


Bioterra 2015 Azokak xede hau bete nahi du: publiko berriei kultura ekologikoa eta iraunkorra zer den gertutik erakuste


Aurten ere, Bioterra, Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azokak erantzun bikaina jaso du, eta 167 erakustokik barrutiaren hiru pabiloiak beteko dituzte. Hazkunde hori da sektorean bertan gertatzen ari denaren isla. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluaren datuen arabera, 434 operadorek eman dute izena, 2013an baino 45 gehiagok. Datu horien arabera, ENEEKeko ekoizleen eta Euskadiko produktu ekologikoen banatzaile nagusien parte-hartzea areagotu da, eta estatuko gainontzeko erkidegoena ere bai.

Doako sarrera
Erakustokiek urtero ematen dioten konfiantzari erantzun nahi dio Bioterrak, eta ahaleginak egin ditu publiko berria ekartzeko azokara. Horregatik, edizio honetan Bioterraren nobedaderik garrantzitsuena doako sarrera izango da.

Erabaki horrekin azokak daukan bokazioari erantzun nahi zaio, hau da, kultura ekologikoa gizarte osoan zabaltzea. Eta, hala, kontsumo arduratsuak eta iraunkorrak erakartzen ez dituen publikoari proposamen ezberdinak erakustea, haiek ezagut ditzaten.




Azoka, pabiloitik pabiloira
Bioterraren erakusketa hiru gunez osatuta dago. Bioterra gunean nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten elikadura-enpresak, egiaztatutako ehungintza % 100 organikoa, egiaztatutako kosmetika ekologikoa, etab. egongo dira.

Naturall Osasunaren eta Ongizatearen gunea da, eta arlo hauek jasoko ditu: kosmetika eta higiene naturala, ehungintza eta osagai naturalak, habitat osasungarria, terapia naturaletarako osagarriak, ekoturismoa, sendagai naturalak, prentsa espezializatua, etab.

Bestalde, Geobat guneak, geobiologiari, bioeraikuntzari, energia berriztagarriei eta kudeaketa ekologikoari buruzko erakusmahaiak edukitzeaz aparte, haien demostrazio-zona ere edukiko du.

Satish Kumar, ekologiaren eta indarkeriarik ezaren munduan ospetsua.
Hizlarien atalean aipagarria da Satish Kumar aktibistaren parte-hartzea. Erromes pentsalaria, hezitzailea eta aktibista, Indian jaio zen. Gaztaroan indarkeriarik ezaren apostolu bihurtu zen, eta 1962an “Bakearen Martxa" izenekoan murgildu zen. Gandhiren hilobiaren eta John Fitzgerald Kennedy-ren hilobiaren arteko 12.000 kilometroak oinez egin zituen, dirurik gabe, eta potentzia nuklear garrantzitsuenen (Washington, Londres, Paris eta Mosku) liderrak “bakearen tea” hartzera gonbidatu zituen. 

Jarduera paraleloen balio erantsia
Bioterran parte hartzen duten kontsumitzaileek, erabiltzaileek eta profesionalek gero eta itxaropen handiagoak dituzte. Aurten diseinatu den jarduera paraleloen programak errealitate horri erantzun nahi dio. Hogei bat hitzaldi planifikatu dira, adituek, elkarte eta administrazio publikoek ingurumenari buruzko joera, ekimen eta politikei buruz hitz egiteko.

Gai desberdinak jorratuko dira: klima-aldaketari buruzko euskal estrategia berria, ekonomia zirkularra, gune eraginkorrak, dronen aplikazioak nekazaritzan, energia-subiranotasuna, gertutasunezko kontsumoa, geobiologia, erleen egoera eta nekazaritzan dauzkaten ondorioak, sen onaren lorezaintza, eraikuntza ekologikoa, eraikin errespetutsuak, osagai kimikoengatiko kutsadura, etab.

Tailer praktikoak dira beste proposamen bat, laborantza ekologikoan sartzeko eta kosmetika-, bioeraikuntza- edo energia berriztagarrien demostrazioetarako. Jarduera horiez familian ere goza daiteke, Bioterrak jolas eta tailer didaktikoak antolatzen baititu haurrekin doazenentzat. Hala, proposamen eta jarduera ugariek Bioterra publiko guztietarako azoka ekologiko bihurtzen dute.

Horrez gain, Bioterrak bereizgarri du izaera parte-hartzailea. Horregatik, aurreko edizioetan bezala, erakusketa-zona ez da ikusteko bakarrik. Izan ere, produktuak dastatu eta erosi eta Ficobako pabiloietako jatetxean dauden proposamen ekologikoak probatu ahal izango dira, baita sukaldaritza-erakustaldiak zuzenean ikusi eta Iñigo Lavadoren jatetxeak azoka dela medio prestatu duen Bioterra menuarekin gozatu ere.

Jangela ekologikoa etxeko txikienentzat
Dibulgazioa eta kontzientziazioa txikienetatik hasten da. Horregatik, Bioterraren eskaintzak aurten janleku bat barne hartzen du neska-mutilek  produktu ekologikoekin egindako bazkaria edo askaria dastatu ahal izateko. Jankideei euro bateko lekukotasun-ekarpena eskatuko zaie izena ematean. ENEEKen eskutik etorri da proposamen hori.

Datu praktikoak
Bioterraren XI. edizioak ekainaren 5etik (ostirala) ekainaren 7ra (igandea) iraungo du. Inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, 12:00etan.

Azokak ordutegi iraunkorra izango du, eta ostiralean eta ostegunean, 10:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Larunbatean, berriz, ordutegia 21:00etaraino luzatuko da. Sarrerako eta aparkalekuko prezioak doakoak dira.

http://bioterra.ficoba.org




No hay comentarios:

Publicar un comentario