Bioterra 2015 Azokak xede hau bete nahi
du: publiko berriei kultura ekologikoa eta iraunkorra zer den gertutik
erakuste
Aurten ere, Bioterra, Produktu Ekologikoen,
Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azokak
erantzun bikaina jaso du, eta 167 erakustokik barrutiaren hiru pabiloiak beteko
dituzte. Hazkunde hori da sektorean bertan gertatzen ari denaren isla. Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren
Kontseiluaren datuen arabera, 434 operadorek eman dute izena, 2013an baino 45
gehiagok. Datu horien arabera, ENEEKeko ekoizleen eta Euskadiko produktu
ekologikoen banatzaile nagusien parte-hartzea areagotu da, eta estatuko
gainontzeko erkidegoena ere bai.
Doako sarrera
Erakustokiek
urtero ematen dioten konfiantzari erantzun nahi dio Bioterrak, eta ahaleginak
egin ditu publiko berria ekartzeko azokara. Horregatik,
edizio honetan Bioterraren nobedaderik garrantzitsuena doako sarrera izango da.
Erabaki horrekin azokak daukan bokazioari erantzun nahi zaio, hau da,
kultura ekologikoa gizarte osoan zabaltzea. Eta, hala, kontsumo arduratsuak eta iraunkorrak
erakartzen ez dituen publikoari proposamen ezberdinak erakustea, haiek ezagut
ditzaten.
Azoka, pabiloitik pabiloira
Bioterraren
erakusketa hiru gunez osatuta dago. Bioterra gunean nekazaritza ekologikoko ziurtagiria duten
elikadura-enpresak, egiaztatutako ehungintza % 100 organikoa, egiaztatutako
kosmetika ekologikoa, etab. egongo dira.
Naturall
Osasunaren eta Ongizatearen gunea da, eta arlo hauek jasoko ditu: kosmetika eta
higiene naturala, ehungintza eta osagai naturalak, habitat osasungarria,
terapia naturaletarako osagarriak, ekoturismoa, sendagai naturalak, prentsa
espezializatua, etab.
Bestalde,
Geobat guneak, geobiologiari, bioeraikuntzari, energia berriztagarriei eta
kudeaketa ekologikoari buruzko erakusmahaiak edukitzeaz aparte, haien
demostrazio-zona ere edukiko du.
Satish Kumar, ekologiaren
eta indarkeriarik ezaren munduan ospetsua.
Hizlarien atalean aipagarria da Satish Kumar aktibistaren parte-hartzea. Erromes pentsalaria, hezitzailea eta aktibista, Indian
jaio zen. Gaztaroan indarkeriarik ezaren apostolu
bihurtu zen, eta 1962an “Bakearen Martxa" izenekoan murgildu zen. Gandhiren hilobiaren eta John Fitzgerald Kennedy-ren
hilobiaren arteko 12.000 kilometroak oinez egin zituen, dirurik gabe, eta
potentzia nuklear garrantzitsuenen (Washington, Londres, Paris eta Mosku)
liderrak “bakearen tea” hartzera gonbidatu zituen.
Jarduera paraleloen balio erantsia
Bioterran
parte hartzen duten kontsumitzaileek, erabiltzaileek eta profesionalek gero eta
itxaropen handiagoak dituzte. Aurten diseinatu den jarduera paraleloen programak
errealitate horri erantzun nahi dio. Hogei bat hitzaldi planifikatu dira, adituek, elkarte eta
administrazio publikoek ingurumenari buruzko joera, ekimen eta politikei buruz
hitz egiteko.
Gai
desberdinak jorratuko dira: klima-aldaketari buruzko euskal estrategia berria,
ekonomia zirkularra, gune eraginkorrak, dronen aplikazioak nekazaritzan,
energia-subiranotasuna, gertutasunezko kontsumoa, geobiologia, erleen egoera
eta nekazaritzan dauzkaten ondorioak, sen onaren lorezaintza, eraikuntza
ekologikoa, eraikin errespetutsuak, osagai kimikoengatiko kutsadura, etab.
Tailer
praktikoak dira beste proposamen bat, laborantza ekologikoan sartzeko eta
kosmetika-, bioeraikuntza- edo energia berriztagarrien demostrazioetarako. Jarduera horiez familian ere goza daiteke, Bioterrak jolas eta tailer
didaktikoak antolatzen baititu haurrekin doazenentzat. Hala,
proposamen eta jarduera ugariek Bioterra publiko guztietarako azoka ekologiko
bihurtzen dute.
Horrez gain,
Bioterrak bereizgarri du izaera parte-hartzailea. Horregatik,
aurreko edizioetan bezala, erakusketa-zona ez da ikusteko bakarrik. Izan ere,
produktuak dastatu eta erosi eta Ficobako pabiloietako jatetxean dauden
proposamen ekologikoak probatu ahal izango dira, baita
sukaldaritza-erakustaldiak zuzenean ikusi eta Iñigo Lavadoren jatetxeak azoka
dela medio prestatu duen Bioterra menuarekin gozatu ere.
Jangela ekologikoa etxeko txikienentzat
Dibulgazioa
eta kontzientziazioa txikienetatik hasten da. Horregatik, Bioterraren
eskaintzak aurten janleku bat barne hartzen du neska-mutilek produktu ekologikoekin egindako bazkaria edo
askaria dastatu ahal izateko. Jankideei euro bateko lekukotasun-ekarpena eskatuko zaie
izena ematean.
ENEEKen eskutik etorri da proposamen hori.
Datu praktikoak
Bioterraren
XI. edizioak ekainaren 5etik (ostirala) ekainaren 7ra (igandea) iraungo du. Inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, 12:00etan.
Azokak
ordutegi iraunkorra izango du, eta ostiralean eta ostegunean, 10:00etatik
20:00etara egongo da zabalik. Larunbatean, berriz, ordutegia 21:00etaraino
luzatuko da.
Sarrerako eta aparkalekuko prezioak doakoak dira.
http://bioterra.ficoba.org