martes, 29 de mayo de 2012

Bioterra 2012, inoiz baino berdeagoa

  • Bioterrak 125 erakusketari zuzenak bilduko ditu, 117 standetan, eta 50 jarduera eskainiko ditu
  • Erabat ekologikoak diren produktu eta zerbitzuen erakusgune honek hazten jarraitzen du
  • Bioterrak Erakustazokako hiru pabiloiak beteko ditu
  • Azoka ekainaren 1etik 3ra izango da Ficoban.
  • Bioterrarekin batera, II. Naturopatia Kongresua egingo da
Datorren ostiralean, ekainaren 1ean, berriz ere ateak irekiko ditu Ficoban Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Bioterrra Azokaren beste edizio batek. Beste behin ere erakusketariak gehitzen jarraitzen du azokak. Aurten, 125ra igo da zifra eta haien artean, Euskal Herriko eta Nafarroako produktu ekologikoen banatzaile nagusiak ordezkatuta egongo dira.

Azpimarratzeko beste datu bat da gero eta erakusketari gehiago datorrela azokara Bioterra Gunea osatzen duten erabat ekologiko gisa egiaztatutako produktuekin eta zerbitzuekin. Aurten, Ficobako 2 pabiloia, hara joan ohi baitira erakusketari horiek, txiki geratu da, eta horregatik lekualdatu da 3 pabiloira, Ficobako handienera.

Bioterra Guneaz gainera, non nekazaritza ekologikoko elikagaiak, nekazaritza ekologikorako produktuak eta osagarriak, kosmetika, ehungintza eta kudeaketa ekologikoaren ekimenak erakusten diren, azokak gaikako beste bi eremu handi dauzka.  Naturall Guneak inguruarekiko ardurazko eta errespetuzko ikuspegia duten osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten sektore guztiak biltzen ditu. Bestalde, Geobat Gunean, zeina bioeraikuntzaren eta energia berriztagarrien gunea den, eraikuntza osasungarria eta ingurumena errespetatzen duena gauzatzeko irtenbide profesionalak, kontsumoa murrizten duten eta energia naturalak aprobetxatzen dituzten energi instalazioak eta ekonomia berdearen sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak aurkitu ahal izango dira.

Hiru gune horiek batuta, Bioterrak aukera ematen du publiko zabalari kontsumo iraunkorragoa eta inguruarekiko begirune handiagokoa bultzatzea ahalbidetzen duten bizimodu-alternatibak, produktuak eta zerbitzuak erakusteko. Helburu hori sendotzeko, jarduera paraleloen programa zabal bat dago, helburu bikoitza duena, ludikoa eta dibulgatzailea, horrela erakuseremua osatuz. 50 proposamenetik gora aurkituko ditu aurten etortzen den bisitariak; horrela, bada, programa askotarikoa izango da: hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak, ikastaroak eta erakustaldiak.

Jarduera berdeen programa
Ficobako edozein gunetan garatuko dira dibulgaziozko jarduerak. Haietako batzuk, gainera, aldi berean, bisitariak gehien interesatzen zaizkion jarduerak aukera ditzan.

Hitzaldien atalean, gai-aukera oso zabala da. Zaharkitzapen programatua izenekoaren historia sekretua ezagutuko dugu, dokumental baten bidez; honelako gaiak landuko dira: arkitekturako ziurtagiri ekologikoak, elikagai ekologikoen bermea Euskal Herrian, kontsumo arduratsuaren oraina eta geroa, Gipuzkoan ekonomia berdea posible ote den, klima nondik datorren eta nora doan, ea alternatibarik daukan planetaren iraunkortasun ezak, zer harreman dagoen ingurumenaren babesaren eta aktibismoaren artean; gure balkoia laboratzeko leku egokia bihurtzen ikasiko dugu, eta nola lortu zero xahubidea elikagaiak gure inguruan behar dituztenei hel dakizkien.

Naturall eta Geobat, berezko jarduerak dituzten bi gune
Naturall gunean, azokako hiru egunetan, doako Shiatsu erakustaldiak egingo dira, eta Tai Chi eta Chi Kun tailerrak ere bai; azken bi horietan, aurretik izena eman behar da. (677 934 352)

Bestalde, Geobat gunean, erakustaldiak izango dira: geobiologiakoak eta eguzki-plaka termikoen funtzionamendua eta energi produkzioa, hustuketazko erregulazio eta segurtasun sistemen bidez. Gainera, UPV-EHUren eguzki-arkitekturako Ekihouse proiektua erakutsiko da.

Bioterra eta haurrak
Bioterrako bisitari asko familian etortzen dira. Bisita gehiago aprobetxa dezaten eta, aldi berean, txikienak praktika iraunkorretan sar daitezen, tailerrak antolatu dira garapen iraunkorrean kontzientziatzeko; honako ordutegi honetan: larunbatean eta igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, Turismo Gipuzkoaren oka-joko erraldoia edukiko dute aukeran.

Bioterra solidarioa
Bioterra egiten den egunetan, Gipuzkoako elikagaien bankuak elikagaiak jasoko ditu, ekologikoak izan edo ez. Eskatzen diren elikagaiak: arroza, pasta, lentejak, garbantzuak, babarrunak, olioa eta azukrea.

EEEren jardunaldia
Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez, jardunaldi bat antolatu du, Bioterraren markoan, bizikleta eta hiri-mugikortasunari buruz, helburutzat hartuta ohizko garraiobideen alternatibak erakustea eta gidatzerakoan energi kontsumoa murriztea. Jardunaldia osatzeko, gidaritza merkeko ikastaroak izango dira azokak irauten duen bitartean, EEEren eskutik.

Garraio iraunkorra
Bioterra garraioaren ikuspuntutik bizimodu ekologikoaren oinarriak praktikara eramateko aprobetxatu nahi dutenentzat, bi proposamen eskaintzen ditu Bioterrak: alde batetik, Eusko Tren erabiltzea, erakustazokatik 50 metrora geltokia baitu, edo azokara bizikletaz etorri eta erakustazokaren sarrerako bizikleta-parkinean dohainik aparkatzea.

Datu praktikoak
Bioterraren IX. edizioak ekainaren 1ean (ostirala) irekiko ditu ateak ekainaren 3ra arte (igandea). Inaugurazio ofiziala ostiralean izango da, 12:00etan. Arrantzako eta Elikagai Industrietako sailburuorde Jon Azkue izango da ekitaldi burua. Azokak etenik gabeko ordutegia izango du 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak 3 euro balioko du, eta 12 urtez beherakoentzat doan izango da. Profesionalak doan sartu ahal izango dira azokan.

Naturopatiaren kongresua
Larunbatean, ekainaren 2an, Bioterrarekin aldi berean, Naturopatia Lanbidearen Euskal Herriko II. Kongresua egingo da. Hitzordu horren helburua da naturopatiaren lanbidea eta naturopatiako zerbitzuak bultzatzea Euskal Herrian.

http://bioterra.ficoba.org

No hay comentarios:

Publicar un comentario en la entrada