miércoles, 24 de febrero de 2016

Ficoba 2015 emaitzak

2015, urte emankorra Ficobarentzat: fakturazio eta ekitaldi gehiago


2015ean, aurrekontu- eta jarduera-helburuak bete ditu Ficobak. Seigarren urtez jarraian, urtea ustiapeneko superabitarekin itxi du (%6,5), eta aldi berean, fakturazioan 1.375.000 euroraino hazi ditu bere diru-sarrerak; hori %2 inguruko hazkuntza da.

2015ean erregistratu zen jarduerak hazkuntza nabarmena izan du, 243 ekitaldi egin baitira Ficoban; aurreko ekitaldian, 215 izan ziren; beraz, %13 gehiago oraingoan. Igoera horren arrazoi nagusia da bileren atalean (kongresuak, konbentzioak eta jardunaldiak) 123tik 152ra pasa direla, alegia, %24ko hazkuntza. Bisitari-kopurua 137.000 inguruan jarri da, eta okupazio-datuak, muntaketa- eta desmuntaketa-egunak kontatu gabe, 209 egun izan dira.

Ekitaldien tipologia aztertuta, ikusten da %63 bilerak izan direla (kongresuak, konbentzioak, jardunaldiak); beste %31, ekitaldiak (gizarte, kultura, musikakoak...), eta %6, azokak.

Emaitza onak bertako ekitaldietan ere

2015ean ere, nabarmendu behar da oso emaitza onak izan dituztela Ficobak berak antolatutako azoka eta ekitaldiek. Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka izan da, berriz ere, Gipuzkoan egin direnen artean jendetsuena; 20.000 bisitari baino gehiago izan zituen. Eguberrietako Haur Parkeak sarrerak agortu ditu egunetako batean, eta horregatik, planteatu da hurrengo edizioetan sarrerak aurretik saltzea, bisitarientzako erosoagoa izan dadin. Bestalde, Bioterra Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Azoka haziz doa, eta 2016rako, iragartzen da erakusketa-gunea handitu egingo duela Ficobako kanpoaldeko erakusketa-gunearen zati bat ere hartuta.

Eraginiko ondorioa

2015ean, Ficobak bere inguruan sortu duen eragin-ondorioa 8.250.000 eurotara iritsi da. Atal honetan, nabarmendu beharra dago zenbat ostatu-gau sortzen dituen ehunka erakusketari etortzeak, eta horiei gehituta, kongresuetara-eta etortzen direnek (Atlantiar, edo klima- eta itsasertz-aldaketari buruzko Uhinak berria,...). 2015ean, Ficoban egindako ekitaldi nagusiek (Bioterra, Euskal Kostaldeko Eguberrietako Azoka, Expogrow, Gipuzkoako Nazioarteko Txakur Erakusketa...) 1.700 ostatu-gau baino gehiago sortu dituzte.

Ficobako neurrien balio bereizgarria
Adierazi ohi dugu Ficobaren bereizgarrietako bat bere pabiloiak direla, neurri jakin batzuetako ekitaldiak egiteko gai den bakarra bihurtzen baitute azpiegitura hori. Baieztapen horren erakusgarri, joan den ekainean gertatu zen; izan ere, zortzi ordu baino gutxiagoko aldearekin eta gune berean (3 pabiloia) bi ekitaldi jendetsu egin ziren: Fito y los Fitipaldis taldearen kontzertua (ekainak 13), 4.000 ikuslerekin, eta European Oldies Rugbyko itxiera-afaria (ekainak 14), 1.800 lagunekin.

Erronka horrek balioan jartzen du Ficobak duen logistika-gaitasuna eta moldakortasuna. Bi balio horiek berriz ere agerian jarriko dira datorren apirilaren 16an, orduan beste bi ekitaldi jendetsu egingo baitira: alde batetik, Gipuzkoako Foru Aldundiak deitutako lan-poltsa handienerako azterketak egingo dira, eta 3.700 lagun aurkeztuko dira bertara, eta, bestetik, Irun Hiria Literatur Sariak banatzeko ekitaldia egingo da aldi berean, Ficobako pabiloietan eta entzunaretoan, hurrenez hurren.

2016rako aukerak
Ficobak okupazio-maila garrantzitsu bat baieztatuta hasi du 2016ko ekitaldia. Dagoeneko aipatutako berritasunei, aurten, beste ekimen batzuk gehitu behar zaizkie, hala nola, Txikien Azoka, martxoaren 11tik 13ra egingo dena. Moda, osasuna, puerikultura, gorputz-ariketa, aisia eta denbora librea, eta hezkuntza izango dira erakusketako eskaintzaren ardatz nagusia, guraso estreinatu berriek edo gurasogaiek merkatuak eskaintzen dituen azken berritasunak ezagutzeko aukera izan dezaten.
Beste berritasun adierazgarri bat da irailaren 25ean Frantziako Merkataritza Itsasketako Pentsiodunen Federazio Nazionalaren Kongresua egingo dela. Kongresu horrek 1.000 lagun bilduko ditu erakustazokako instalazioetan.
Bestalde, dagoeneko baieztatuta daude Uhinak Klima eta Itsasertz Aldaketaren Kongresuaren bigarren edizioko egunak. Lehen edizioa 2015eko urrian egin zen, eta bigarrena, irailaren 27 eta 28an egingo da. Uhinak Ficobaren lehenengo esperientzia izan da kogresuak sustatzen eta antolatzen.

Ficobako jardunera nagusien egutegia

  • Trenari buruzko VII. Komunikazio Jardunaldia. Martxoak 3.

  • I. Txikien Azoka. Martxoak 11-13.

  • V. Zaharkinen Erakusketa. Martxoak 20-22.

  • Nazioarteko Katu Erakusketa. Apirilak 2-3.

  • Gipuzkoako Foru Aldundiaren lan-poltsarako azterketak. Apirilak 16

  • Irun Hiria Literatur Sariak. Apirilak 16

  • Gipuzkoako XXXVII. Nazioarteko Txakur Erakusketa. Apirilak 24.

  • Ekintzailetza, Berrikuntza eta Sorkuntzaren Azoka. Maiatza.

  • Irun Rock Jaialdia. Maiatza.

  • Bioterra Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren, Energia Berriztagarrien eta Kontsumo arduratsuaren azoka. Ekainak 3-5.

  • Enpleguaren astea. Ekaina.

  • Expogrow. Irailak 16-18.

  • Frantziako Merkataritza Itsasketako Pentsiodunen Federazio Nazionalaren Kongresua. Irailak 25.

  • Uhinak kongresua, klima eta itsasertz aldaketa. Irailak 27-28.

  • Oztoporik Gabe Erakusketa. Urria.

  • Ficobako III. Magia Jaialdia. Urria.

  • Irun Zuzenean kontzertua. Urria.

  • Izuaren pasabidea. Azaroak 5.

  • Enpleguaren astea. Azaroa.

  • Ficoauto, Bigarren Eskuko Automobilen Azoka. Azaroak 18-20.

  • Irun Open Innovation. Abendua.

  • Irun On sari-banaketa. Abendua.

  • Euskal Kostaldeko XI. Eguberrietako Azoka. Abenduak 6-8.

  • Irungo Artisautza Azoka. Abenduak 6-8

  • Eguberrietako Haur Parkea. Abenduak 15- Urtarrilak 4.


1 comentario:

  1. In 2015, Ficoba achieved notable growth, increasing both turnover and the number of hosted events. This reflects effective management and strong appeal as an event venue. The success underscores its importance in the region's economic and social activities, positioning it as a key player in fostering collaboration and community engagement.

    ResponderEliminar