- Bioterrak 125 erakusketari zuzenak bilduko ditu, 117 standetan, eta 50 jarduera eskainiko ditu
- Erabat ekologikoak diren produktu eta zerbitzuen erakusgune honek hazten jarraitzen du
- Bioterrak Erakustazokako hiru pabiloiak beteko ditu
- Azoka ekainaren 1etik 3ra izango da Ficoban.
- Bioterrarekin batera, II. Naturopatia Kongresua egingo da
Datorren ostiralean, ekainaren 1ean,
berriz ere ateak irekiko ditu Ficoban Produktu Ekologikoen, Bioeraikuntzaren,
Energia Berriztagarrien eta Kontsumo Arduratsuaren Bioterrra Azokaren beste
edizio batek. Beste behin ere erakusketariak gehitzen jarraitzen du azokak. Aurten,
125ra igo da zifra eta haien artean, Euskal Herriko eta Nafarroako produktu ekologikoen
banatzaile nagusiak ordezkatuta egongo dira.
Azpimarratzeko beste datu bat da
gero eta erakusketari gehiago datorrela azokara Bioterra Gunea osatzen duten
erabat ekologiko gisa egiaztatutako produktuekin eta zerbitzuekin. Aurten,
Ficobako 2 pabiloia, hara joan ohi baitira erakusketari horiek, txiki geratu
da, eta horregatik lekualdatu da 3 pabiloira, Ficobako handienera.
Bioterra Guneaz gainera, non
nekazaritza ekologikoko elikagaiak, nekazaritza ekologikorako produktuak eta
osagarriak, kosmetika, ehungintza eta kudeaketa ekologikoaren ekimenak
erakusten diren, azokak gaikako beste bi eremu handi dauzka. Naturall Guneak inguruarekiko ardurazko eta
errespetuzko ikuspegia duten osasunarekin eta ongizatearekin zerikusia duten
sektore guztiak biltzen ditu. Bestalde, Geobat Gunean, zeina bioeraikuntzaren
eta energia berriztagarrien gunea den, eraikuntza osasungarria eta ingurumena
errespetatzen duena gauzatzeko irtenbide profesionalak, kontsumoa murrizten
duten eta energia naturalak aprobetxatzen dituzten energi instalazioak eta
ekonomia berdearen sektorean lan egiten duten profesionalak eta enpresak
aurkitu ahal izango dira.
Hiru gune horiek batuta,
Bioterrak aukera ematen du publiko zabalari kontsumo iraunkorragoa eta
inguruarekiko begirune handiagokoa bultzatzea ahalbidetzen duten
bizimodu-alternatibak, produktuak eta zerbitzuak erakusteko. Helburu hori
sendotzeko, jarduera paraleloen programa zabal bat dago, helburu bikoitza
duena, ludikoa eta dibulgatzailea, horrela erakuseremua osatuz. 50 proposamenetik
gora aurkituko ditu aurten etortzen den bisitariak; horrela, bada, programa
askotarikoa izango da: hitzaldiak, mahai-inguruak, proiekzioak, tailerrak,
ikastaroak eta erakustaldiak.
Jarduera berdeen programa
Ficobako edozein gunetan
garatuko dira dibulgaziozko jarduerak. Haietako batzuk, gainera, aldi berean,
bisitariak gehien interesatzen zaizkion jarduerak aukera ditzan.
Hitzaldien atalean, gai-aukera
oso zabala da. Zaharkitzapen programatua izenekoaren historia sekretua
ezagutuko dugu, dokumental baten bidez; honelako gaiak landuko dira:
arkitekturako ziurtagiri ekologikoak, elikagai ekologikoen bermea Euskal
Herrian, kontsumo arduratsuaren oraina eta geroa, Gipuzkoan ekonomia berdea
posible ote den, klima nondik datorren eta nora doan, ea alternatibarik daukan
planetaren iraunkortasun ezak, zer harreman dagoen ingurumenaren babesaren eta
aktibismoaren artean; gure balkoia laboratzeko leku egokia bihurtzen ikasiko
dugu, eta nola lortu zero xahubidea elikagaiak gure inguruan behar dituztenei hel
dakizkien.
Naturall eta Geobat, berezko jarduerak dituzten bi gune
Naturall gunean, azokako hiru
egunetan, doako Shiatsu erakustaldiak egingo dira, eta Tai Chi eta Chi Kun
tailerrak ere bai; azken bi horietan, aurretik izena eman behar da. (677 934 352)
Bestalde, Geobat gunean,
erakustaldiak izango dira: geobiologiakoak eta eguzki-plaka termikoen
funtzionamendua eta energi produkzioa, hustuketazko erregulazio eta segurtasun
sistemen bidez. Gainera, UPV-EHUren eguzki-arkitekturako Ekihouse proiektua erakutsiko
da.
Bioterra eta haurrak
Bioterrako bisitari asko
familian etortzen dira. Bisita gehiago aprobetxa dezaten eta, aldi berean,
txikienak praktika iraunkorretan sar daitezen, tailerrak antolatu dira garapen
iraunkorrean kontzientziatzeko; honako ordutegi honetan: larunbatean eta
igandean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Gainera, Turismo
Gipuzkoaren oka-joko erraldoia edukiko dute aukeran.
Bioterra solidarioa
Bioterra egiten den egunetan,
Gipuzkoako elikagaien bankuak elikagaiak jasoko ditu, ekologikoak izan edo ez. Eskatzen
diren elikagaiak: arroza, pasta, lentejak, garbantzuak, babarrunak, olioa eta
azukrea.
EEEren jardunaldia
Industria, Berrikuntza,
Merkataritza eta Turismo Sailak, Energiaren Euskal Erakundearen bidez,
jardunaldi bat antolatu du, Bioterraren markoan, bizikleta eta
hiri-mugikortasunari buruz, helburutzat hartuta ohizko garraiobideen
alternatibak erakustea eta gidatzerakoan energi kontsumoa murriztea. Jardunaldia
osatzeko, gidaritza merkeko ikastaroak izango dira azokak irauten duen
bitartean, EEEren eskutik.
Garraio iraunkorra
Bioterra garraioaren
ikuspuntutik bizimodu ekologikoaren oinarriak praktikara eramateko aprobetxatu
nahi dutenentzat, bi proposamen eskaintzen ditu Bioterrak: alde batetik, Eusko
Tren erabiltzea, erakustazokatik 50 metrora geltokia baitu, edo azokara
bizikletaz etorri eta erakustazokaren sarrerako bizikleta-parkinean dohainik
aparkatzea.
Datu praktikoak
Bioterraren IX. edizioak
ekainaren 1ean (ostirala) irekiko ditu ateak ekainaren 3ra arte (igandea). Inaugurazio
ofiziala ostiralean izango da, 12:00etan. Arrantzako eta Elikagai Industrietako
sailburuorde Jon Azkue izango da ekitaldi burua. Azokak etenik gabeko ordutegia
izango du 10:00etatik 20:00etara. Sarrerak 3 euro balioko du, eta 12 urtez
beherakoentzat doan izango da. Profesionalak doan sartu ahal izango dira
azokan.
Naturopatiaren kongresua
Larunbatean, ekainaren 2an,
Bioterrarekin aldi berean, Naturopatia Lanbidearen Euskal Herriko II. Kongresua
egingo da. Hitzordu horren helburua da naturopatiaren lanbidea eta
naturopatiako zerbitzuak bultzatzea Euskal Herrian.